XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ameriketara!!! - aldarri egin du, Adelak arrauna uretan sartzen duen bakoitzean batel-barrurantz euritxo bat ekarriz berak ere arraunlariei hura botatzen dielarik - .

Goazen España kañi, zikin, honetatik, ta-ta-rii.

Azken hitzokin arraunlarien alderantz ur uhintxo bat hegalarazi duelarik, Adelak Onofreren garondora gorde du burua.

Gizonak emearen giharren gainean haragia nabaritu du, eta haragiaren gainean larrua, sutan hedatzen den ura bezala, aldi berean epel eta bero, abegikor.

Halako sendimendu borobil batek burbuila kosmiko baten barruan sartu du Onofre.

Doroteoren algarak aditzeari uko egin diote belarriek.

Arraun bien jabe egin behar izan du, Adelak berea utzi bait du.

Une batez kontrolik gabe, eguzkiak begietan artez jo dio.

Itxi eta berriro zabaldu dituenean Adelaren paparraldea begiztatu du, hantxe, bere saihetsen aurka estutzen, gaztainkara igartzen diren ditiburuak sendo eta tente, urak eragiten dion larru-ikara berberak gailurrera etorrarazten bait dizkio haiek.

Onofrek, gerritik gora biluzik eta mahoizko praka barrenak belaunetara bilduta, uretara salto egiteko gogoa eragotzi behar izan du.

Bera ez da Doroteorenak lako prakalaburrik jazten ausartzen.

- Agur - esan du lagunak patetismo itxurak eginaz zutik - .

Zelan ez dozuen Ameriketara joan gura, oi argonauta etoiok, neure kabuz joango naiz, bai, ene gihar sendoen indarrez.

Must egin du uretara kikunbehera, batelari halako kulunkada arin bat eragin diolarik oinek aurrera bultza egitean gorputzari.

Adelak Onofreren sorbaldan ezarri du libre duen eskua (...).